Berriak

Lanestosak hobetu egingo du olio erabilia biltzeko sistema

 

Bi edukiontzi jarri dira olioa eta ontzia birziklatzeko.

Guztion konpromisoa izan behar du ingurumena zaintzeak. Litro bat oliok 40.000 litro ur kutsatzen du, eta herritar batek kontsumitzen dituen 20 litro oliotik % 15 bota egiten da; hori guztia kontuan hartuta, Lanestosako Udalak sistema jasangarriago bat jarri du martxan udalerrian erabiltzen den landare-olioa biltzeko.

Horretarako, bi edukiontzi berri jarri dira Huertas kalean eta N-629 errepidean, elizaren ondoan. Edukiontzi horietan bota beharko dute herritarrek olio erabilia, euren etxeetan dituzten plastikozko ontzietan. Horrela, ontziak berrerabili egingo dira, eta, ondoren, Rafrinorrek, olioa biltzeaz arduratzen den enpresak, birziklatu egingo ditu, olioa botatzeko ontzi bereziak sortu behar ez izateko.

Horrenbestez, Lanestosako Udalak birziklatze-sistema jasangarriago baten alde egingo du; izan ere, besteak beste, hondakin hori birziklatuz biodiesela eskuratzen da, ingurumenari kalterik eragiten ez dion energia berriztagarri bat.

Kontratatutako enpresak bilduko du landare-olioa edukiontzietatik eta, gero, lantegira eramango du. Han olioa zein plastikozko ontziak birziklatuko dituzte.

Erabiltzailearentzat oso erraza izango da birziklatzea. Plastikozko edozein ontzi erabil daiteke olioa sartzeko. Hori bai, olioa ontzian sartu baino lehen, itxaron egin behar da olioa hoztu arte. Horrez gain, kendu egin behar dira olioak dituen substantzia solidoak, eta ziurtatu egin behar dugu landare jatorriko olioa dela birziklatuko duguna; hau da, ekilore-olioa, oliba-olioa, soja-olioa… Ez dute balio mineral-olioak, esaterako, autorako olioak edo pinturek.

Sistema honekin, Lanestosako Udala ziur da herrian birziklapen jasangarriagoa egingo dela eta onura bikoitza izango dela; izan ere, olioa duten ontziak ere birziklatu egingo dira.


Egoera

cabezera box

pinya

Turismo Activo

nor3 logo 200x142

E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

606 808 018
606 700 207

Manuela Sainz de Rozas, 1

48895 (Lanestosa)

Teléfono: 94 680 61 16

Fax: 94 610 69 00

ENVIAR E-MAIL